Sekulako pilotaria izan da Iker Irribarria (Arama, 1996). Baita ibilbide oztopatu samarra izan duena ere. Buruz buruko historiako txapeldunik gazteena bihurtu zenean, bere bizitza goitik behera aldatu zen, espero ez zituen hainbat arazo agertuz. Iker gazte batek, adorez eta aurpegia emanez aurre egin zion munstro hari, geroago egoerari buruz hitz egiteko erakutsi zuen kemen bera azalduz.
Aitortzea kostatzen zaion arren, historiarako tantoak eta partidak utzi ditu. Bitan irabazi izan du Buruz buruko txapela eta Binakako txapelduna izan da behin ere. Geroago borroka gogorrago bati aurre egin behar izan zion. Lesio larri bat gainditzeko tratamendu guztiak bilatu zituen, nahiz eta azkenean, bere zaletasuna eta lanbidea izan direnetik aldendu egin diola onartzeko beste erremediorik ez duen izan.
Zumarragan elkartu gara Ikerrekin, Goierriko bihotzean eta bere jaioterritik gertu. Elkarrizketak ez ditu gehiegi atsegin, baina zintzotasunez eta jarrera bikainaz hartzen gaitu. Bat donostiarra eta beste biak goierritarrak izanik, hizketa gehienean gipuzkeraz aritzen gara, nahiz eta euskera batuaz idatzita izan den. Pilotaren munduaz arituko gara, Euskal Herrian garrantzi handia duen kirola, baina lurralde honetatik kanpo oso ezaguna ez dena. Gazte bat besterik ez zarenean arrakastari aurre egiteko moduaz hitz egingo dugu ere eta bizitza berak jartzen dizkizun zailtasunez.
Gaur egun ez daukazu inongo arazorik belaunean eta bizitza normala egiten duzu, ez da?
Beno, bizitza normala…. Ez dakit zer dan 28 urteko gazte baten bizitza normala. Kuadrillako lagunak korrika edo mendian ikusten ditut eta nik ezin dut egin. Nire bizitza normal batera moldatu naiz.
Ezin al zara mendira igo?
Bai, mendira igo bai, baina korrika ez. Lauan ezta, ezin dut korrika egin eta gimnasioko ariketa batzuk ere ez. Azkenean, bizitza normal batera moldatu naiz, baina nik uste, 28 urterekin, bizitza normala nahi dena egitea dela eta nik kontuz ibili beharra daukat. Hortaz aparte, kirola minik gabe egiteko modu bat lortu dut eta batez ere, hurrengo egunetan sufrimendurik izan gabe. Eta horrekin pozik nago.
Gaur egun ez daukazu minik, ez da?
Ez daukat minik mina sortzen didan ariketarik ez dudalako egiten. Baina korrika pixkat eginez gero, segituan edukiko nuke mina eta saiatzen naiz, behintzat, horrelako gauzak ekiditen.
Eta aukerarik ba al dago egoera horri buelta emateko eta kirola era normal batean egin ahal izateko?
Beno, zaila ikusten dut. Azkenean, belauneko patologia batekin, aukerak betikoak dira, ez? Protesi bat jartzea. Eta oraintxe ez daukat hori buruan. 28 urte dauzkat eta, bitarte honetan, oraindik posible dut kirol pixkat egin, nire behar horiek ase. Egia esan, frontoira bueltatzea ez zait berriro burutik pasa.
Gero bueltatuko gara zure erretiroaren gaira, baina momentuz hasieratik abiatuko gara. Gogoan al duzu nola hasi zinen pilotan jolasten Araman?
Ba ez naiz akordatzen. Gurasoek diote hiru urterekin frontoira bakarrik joan nahi nuela. Esaten zidatela beste nonbaitera joateko eta nik bakarrik frontoira joan nahi nuela. Aitarekin ez bazen, amarekin edo bestela aitona edo amonarekin. Nire bizitza frontoira joan eta frontoian ibiltzea zela.
Eta normala al zen hori Araman?
Ez. Ez da normala izan. Arama Ordiziatik oso gertu dagoen herri bat da eta jende askok Ordiziara jo izan du.Baina Araman, kasualitatez, dozena erdi bat kirolari ba geunden. Batzuk futbolean, beste batzuk korrikan, beste batzuk txirrindan, ni pilotan… Eta bai, talde polit bat sortu zen. Nahiz eta igual frontoia denona ez izan, badago zeozer, herriko ura edo zeozer (barreak).
Orduan, zu ikastolatik atera eta frontoira joaten zinen. Hor lagunekin elkartu eta pilotan jokatzen zenuen denbora osoan.
Beno, frontoian ibiltzen ziren lagun gutxi neuzkan. Gero Ordiziako pilota eskolan hasi nintzen eta asteburuetan partida pare bat izaten ziren. Eta partidurik ez bazegoen, askotan Araman gelditzen nintzen. Azkenean, nire helburua pilotan jokatzea zen eta nire nahia pilotan ibiltzea zen. Eliza ondoan frontoi txiki bat zegoen eta han pasatzen nituen nire orduak.
Momentu horretan zer zen pilotaz erakartzen zitzaizuna?
Ba ez dakit, ez dakit zerk erakartzen ninduen. Hasieran ezinezkoa da jakitea, kontzientziarik ez bait daukat eta ez dakit nola hasi nintzen. Dakidana da nire familia pilotazalea badela eta gure ohitura ere bazela igandetan eta larunbatetan pilota telebistan ikustea. Nik uste dut hortik etorriko zela nire zaletasuna. Baina gero, hori ikusita eta baita ere maila txukun baten aritzen nintzela eta konpetitiboa nintzela, ba nik uste, hori danak retroalimentatu egiten duela.
Gaur egun txikiak pilotan jolasten al dira Araman?
Beno, gero eta gutxiago. Uste dut Araman, Ordizian eta leku guztietan gertatzen dela gauza bera. Pilotan tradizio hori beheraka doala uste dut eta azkenean, lehiatzea oso zaila egiten da. Bai beste kirolekin, bai teknologiarekin. Azken urte hauetan bizitza ere asko aldatu dela uste dut.
Eta zer da handiagoa, futbolaren konpetentzia edo teknologiarena?
Ez da erraza jakitea. Dena dela uste dut nik. Azkenean, futbolak daukan oihartzuna ezin da beste ezerrekin konparatu. Horretaz aparte, Goierrin mila aukera daude kirol guztiak praktikatzeko eta pilotako aukera hori, egonagatik, askotan itzalean gelditzen da. Horretaz gain, badaukazu Play Stationa, mobila… Teknologia aldetik aurrerapen asko egon dira, nire ustez atzerapenak izango direnak, baina gaur egun zaila da horien kontra egitea.
Pablo Aimar futbolariari behin entzun nion txikitan egun osoa kalean ematen zuela futbolean jolasten eta geroago, bertan ikasitako ohitura txarrak, klubean zuzentzen zizkiotela. Berdin gertatzen al da pilotan?
Zaila da konparatzea, pilotan ez baitago kontakturik bata bestearekin. Orduan malezia ez da gehiegizkoa eta hori ez dago kendu beharrik. Baina beno, azkenean, nahi edo ez nahi, ume batek bizio txarrak beti hartzen ditu. Bai jokatzeko moduan eta baita posturatan ere eta horiek zuzentzen erakutsi zidaten. Nik uste dut teknika hori geroago hobetzen dela, dagoeneko kontziente zarenean, espezifikoki entrenatzen hasten zarenean. Hamabi-hamahiru urtera arte jolastu egin behar da. Han denek maila nahiko txukuna zuten talde bat zegoen eta horiekin hobetuz joan ginen, baina batere presiorik gabe. Nire ustez, garai horretan umeei egin behar zaiena egiten zela.
Garai horretan saskibaloian jolasten zenuen baita ere. Zenbat urterekin hasi zinen?
Ba ez dakit, txiki-txititatik. Aita ere saskibaloian jolasten zuen eta hark sartu ninduen. Ordiziako saskibaloi eskolan sartzeko adinera ailegatu nintzenean, ba ni hortxe sartu nintzen. Futbola probatu nuen ere, baina ez zitzaidan gustatu eta esan nuen ‘nik saskibaloiarekin jarraitu nahi dut, baita pilotarekin batera’.
Eta saskibaloian ondo jolasten zenuen ere. Euskadiko selekzioan jokatu zenuen behintzat.
Bai, bai, Euskadiko selekzioan jokatu nuen. Egia esan, lagun ederrak egin nituen, oraindik mantentzen ditudan lagunak eta ni horrekin gelditzen naiz, zenbat lagundu zidan saskibaloiak pilota munduan. Ondo bateratzen diren bi kirol dira, taldekoa bata eta bestea bakarkakoa, eta nik uste dut erreminta asko eman zizkidatela. Eta beno, urte onak pasa genituen. Egia esan, ez dut ahaztekorik.
Badut musika talde batean jotzen zuen lagun bat. Behin kontatu zidan, txikia zenean, nahiko inbidia ematen ziotela kirol talde batean jokatzen zuten lagunek eta musika taldean sartu zenean, berarentzat kirol talde hori bezala izan zela.
Bai, zeozeren parte sentitu zela. Azkenean, pilota, nire ustez, kirolik politena da eta ni bakarlaria sentitzen naiz. Bakarrik egotea gustatzen zaion pertsona bat naizela esan nahi dut. Eta beno, pilotak erreminta asko ematen dizkizu, baina beste asko ezin dizkizu eman. Orduan, niri ere gustatzen zitzaidan lagun talde bat edukitzea eta horiekin helburu berdinak izatea. Azkenean, pilotan, nahiz eta talde batean egon, bakoitzak bere helburuak dauzka eta helburu bereko talde baten parte izateak, niretzat uste dut inportantea izan zela. Asko ikasi nuen, jende asko ezagutu nuen eta horrek bizitzako baloreak ere ematen ditu.
Ordiziako eskolan inguruko herrietako gazteen kontra jokatzen zenuen eta horien artean Jokin Altuna zegoen. Ez da?
Bai, kintakoak gara, adin berdinekoak eta txiki-txikitatik ezagutzen dut. Azkenean, pilotan, saskibaloian bezalaxe, inguruko txapelketak egiten dira eta ez dakit, baina Altuna eta biok borrokan gabiltza zazpi, zortzi urte genituenetik.
Adin horietan jadanik biak nabarmentzen al zineten?
Beno, Jokin oso berandu etorri zen eta hasieran oso txikia zen. Baina malizia hori ba zeukan, nahiz eta gero kostatu egiten zitzaion. Baina beti esan izan det txiki-txikitatik jo genuela begiz eta ‘kontuz honekin indar pixkat hartzen duenean’ esaten genuen. Eta begira orain non dagoen.
Zu nahiko kirol-legezko pilotaria bazarela uste dut.
Beno, saiatu izan gara ahalik eta gestu gutxien egiten eta ahalik eta autoanalisirik onena norberarena egiten. Baina ez dakit, nik galtzearen pena eta irabaztearen poza ba nituen. Eta badakizu, ziur aski, momentu kritiko batean jende askori gaizki erantzungo niola edo ez zitzaiola gustatuko nire erantzuteko modua. Baina bai, saiatu gara. Familian behintzat, kantxa barruan eta kanpoan ona izanez gero, bi aldiz ona izaten zarela esan izan didate eta hori egiten saiatu gara behintzat.
Aurreko egunean, Milan-San Remo lasterketa bukatu berri zutenean, Pogacar eta Van der Poel elkarrekin hizketan zeuden, batak besteari limitera eraman zuela onartuz. Zuri ere horrelako hitzak entzun dizkizut zenbait aurkarirei buruz.
Bai, azken finean, nik uste dut hori dela pixkat kirolaren filosofia. Denok sentitzen dugu besteekiko inbidia, nik ez daukadan gauza bat daukatelako, baina miresmena sentitzen da ere. Pentsatu dezakezu ‘nik hori edukiko banu’ eta gero besteak hori bera daukala ikusten duzu, baina asko landu behar izan duela eta lortutako gauza bat dela. Orduan, ba beno, beti errespetatzen duzu. Zuk ere, kritikak jasotzen dituzunean, ez duzu hori nahi. Azkenean, kontutan hartu pilotaren mundua oso txikia dela. Nik gaur zure kontra jokatzen dut, bihar zurekin eta astero-astero, aldageletan elkarrekin gaude. Alde horretatik, behin ere ez zait gustatu giro txarrik ematea eta batzuekin besteekin baino hobeto moldatu izan naiz, baina uste dut gauzak ondo egiten saiatu garela. Etsairik ez egiten.
2010ean pilota taldeaz aldatu eta Amezketako Zazpi Iturrira joan zinen. Pilotan zer garrantzia dauka talde batek?
Pertsona batek hobetzeko talde egoki bat behar du beti. Bere mailatxoko talde bat behar du eta ni, momentu horretan, Ordizian bakarrik gelditu nintzen. Nire inguruan gazteagoak bazetozen, baina ez neukan nire mailako areriorik hobetzen jarraitzeko eta horregatik hartu genuen erabaki hori. Azkenean, toki guztietan bezala, lagun talde bat baino gehiago, lagun talde horrek zuri ere hobetzeko aukera ematea behar duzu. Eta momentu horretan, Zazpi Iturrin egoera hori ematen zen. Talde horretatik jende dezentek debutatu egin dugu eta hasieran Ordizian egin genuen bezala, geroago Zazpi Iturrin lortu genuen talde hori hobetzea.
Garai horretan eskuan ebakuntza bat pasa behar izan zenuen. Zer gertatu zitzaizun?
Zirkulazio arazoak neuzkan. Ez nituen behatzak sentitzen eta ez zitzaizkidan berotzen. Azkenean, pilotari askori pasatzen zaigun gaitz bat da. Eta beno, pilotan jarraitu nahi banuen, erremedio bat eman behar genion eta momentu horretan, aukera bakar hura ikusi genuen. Horrexegatik operatu ginen.
Eta ebakuntzarekin guztiz ahaztu al zenuen lesio hori?
Ez, ez, hori ez da behin ere joan eta hemen dauzkat behatzak hotzak oraindik. Baina beno, aurrerapauso handia bai eman genuela eta horrek ahalbideratu zidan pilotan jarraitzea. Bestela, egoera horretan, ez dut uste aukerarik edukiko nukeenik.
Momentu horretan hitz egiten al zen profesionaletara pasatzeko zure aukerei buruz?
Beno, orduan 15-16 urte nituen eta afizionatu mailan txukun nenbilen. Ez dakit noiz hasten da pertsona batez hitz egiten, baina nik neure buruari aukerak ikusten nizkion.
Eta zeozer entzuten al zenuen?
Ez, hainbeste ez. Egia da Zazpi Iturrin geunden talde horretatik batzuk hasi zirela debutatzen. Eta egia da, neure burua, profesionala izateko aukerekin ikusten nuela. Baina, beste alde batetik, inbidia ere sentitzen nuen. Ni operazio mahai batera sartzen ari nintzen bitartean, ordura arte elkarrekin entrenatzen genuen taldeko beste batzuk profesionaletara pasatzeko pausoa ematen ari ziren.
Lesio horrek profesionaletara pasatzeko pausoa atzeratu al zuen?
Ez dut uste. Pentsa hemezortzi urterekin debutatu egin nuela. Gauzak ondo joanda ere, ez dut uste lehenago debutatu egingo nukeenik edo ez dut uste hala izateko beharrik egon zelarik. Ez dut uste horrek nire debuta atzeratu zuenik, baina gerora arazo dezente ekarri dizkit. Azkenean, eskuan orbain bat edukitzeak ez du asko laguntzen jokatzeko.
2015ean debutatu zenuen Asperekin. Nola aldatu zen zure bizitza afizionatu mailatik profesionaletara pasatzerakoan?
Beno, aldatzen da. Azkenean, nire kasuan, ingeniaritza ikasten ari zen ikasle soil bat izatetik, bat-batean enpresa baten parte izatera pasa nintzen eta dena aldatu zen. Entrenamenduak serioagoak dira, astero-astero helburu bat daukazu eta hortaz aparte, anonimotasun hori galtzen duzu. Telebistan azaltzen zara astero eta dagoeneko, kaletik, jendearen ezagutze horrek… Nik uste dut horrek guztiak zure bizitza gehiago aldatzen duela.
Eta aldaketa hori debutatu zenuen egunetik gertatu al zen?
Nik kanbiorik haundiena txapela irabazi eta gero nabaritu nuen. Baina bai, debutatzerakoan jende gehiagok ezagutzen zaitu, komunikabideak zure bizitzan azaltzen dira ere eta horiek guztiak gauza berriak dira azkenean.
Debutatu zenuenean ingeniaritza ikasten ari zinela esan duzu. Posible al da bi gauzak batera egitea?
Posible da seguru. Nik egin dut eta posible da. Baina ez galdetu nola. Orain pentsatzen dut eta uf a zer eromena!. Baina ikasten ari nintzela debutatu egin nuen, bigarren urtean nengoela txapela irabazi egin nuen eta bai, erokeria bat izan zen. Gainera, kontutan hartu kirolari profesional guztien egoerak ez direla berdinak. Soldata aldetik ez da saskibaloi edo futboleko izarra izatearen gauza bera eta ezta beste ikuspuntuetatik ikusita ere. Azkenean, nire gurasoen etxean bizi nintzen, partida guztiak Euskal Herrian edo kotxez joan-etorri batean egiteko lekuetan ziren eta entrenamenduak etxetik gertu egiten genituen ere. Ez zegoen abioirik hartu behar eta hori ikasketetarako oso baliagarria da. Baina bai, denbora aldetik eta sakrifizio aldetik, asko eskatzen du. Norbere aldetik asko jarri behar da.
Eta ingeniaritza bukatu eta masterra ikasi zenuen pilotaria zinenean.
Bai, irakaskuntza masterra egin nuen irakasle izateko eta hori guztia pilotari profesionala izanda. Ez dakit nola egin nuen, baina posible dela, seguru.
Momentu horretan buruan al zenuen zer egin nahi zenuen pilota utzi eta gero?
Beno, hasteko, ingeniaritzan pilotaria izan aurretik sartu nintzen. Orduan, hor bide bat aukeratu nuen.
Baina denbora gutxi lehenago. Ez da?
Bai, bai. Hasi eta aurreneko kurtsoan nengoela debutatu egin nuen. Kurtso hori ondo pasa egin nuela eta ikasketa horiekin maila horretan jarraitu nezakeela ikusi egin nuen. Eta gero, bigarren urtean, txapela irabazi nuenean, hor gauzak asko aldatu ziren. Familia xume batetik nator. Inongo faltarik ez, baina inongo soberarik ez zeukana. Ingeniaritza bat pasatzeko nahiko lan eta nahiko sakrifizio izan da gure etxean. Eta banekien ezin nuela hola eta hola utzi. Eta gero, ez nekien ekonomikoki nola gelditu behar nintzen kirolari profesionala izateari utzi eta gero. Orduan, banekien zeozer sí o sí behar nuela. Uzteko momentu asko izan nituen, baina gaur da aita eta amari eskerrak eman beharrean nagoen momentua.
Beno, zuk ere heldutasun handia erakutsi zenuen. Momentu askotan ikasteari uztea errazena egingo zitzaizun.
Bai, errazena zela garbi dago. Baina, nire kasuan, 26 urterekin kirola utzi egin behar izan dut. Orduan, ez duzu inoiz jakiten noiz bukatu behar den. Soldata aldetik eta ez dago futbolarekin inungo konparaziorik eta nik hori ikusten nuen ere. Pilotari dezente ezagutzen nituen eta ia denek lan egin behar izan dute. Ez nekien zenbat urtetarako izango nintzen kirolari, ezta zer soldata izango nuen eta banekien zeozer atera behar neukala. Gero, Goierrin, bizi naizen zonan, enpresa oso-oso potente daude eta horretara bideratuta egin ditut ikasketak.
Zuri buruz asko hitz egiten zela gogoratzen dut. ‘Irribarria, kontuz honekin!’ eta horrelakoak entzuten ziren.
Beno, nik ez nuen hainbeste nabaritu hori. Behin irabazi eta gero gehiago nabaritu izan nuen. Orduan bai, lastrea sortu zitzaidan. Baina bigarren mailan oraindik lasai nengoen eta ez nuen asko entzuten. Urte horretan entrenamendu batzuk egin nituen Irujorekin eta nahiz eta galdu, izerdi pixka bat atera behar izan zuela uste dut. Baina, egia esan, ‘kontuz honekin, txapela irabaziko duela’ edo horrelako komentariorik ez nuen nabaritu. Nik neure buruan aritutakoa izan zen gehiago. ‘Txapelketa on bat egiteko aukera badaukazu’, ‘lehenengo mailan borroka egiteko igual’ eta horrelakoak pentsatzea. Baina ‘hemendik bi urtetara irabazi egin behar dut’ edo halakorik ez dut inoiz pentsatu.
2016an aurre-kanporaketa bat jokatu behar izan zenuen Buruz buruko Txapelketan sartzeko. Nola ikusten zenituen zure aukerak momentu horretan?
Egia esango dizut. Aurre-kanporaketa hori jokatzea espero nuen, urte horretan Binakako txapelketa titular bezala jokatu bait nuen eta ezin izan nituen emaitza onak lortu, baina bikote gogorra izan ginen.
Zubietarekin batera, ez da?
Bai, baina Zubieta hirugarren partidan lesionatu egin zen eta Miguel Merinorekin jokatu nuen. Eta azkenean, bera suplente bat eta ni aurreneko urtekoa izanda, ezin genuen espero ez dakit zer lortzea. Baina partida askotan hor ibili ginen, irabazi edo galtzekotan. Lanak eman genizkien zenbait arerioei eta ni sentsazio onekin nengoen. Orduan, ilusioa ba neukan eta aurre-kanporaketa hori jokatzea espero nuen. Gogoratzen naiz, entrenamenduetan eta hola, aitari esan niola “aurten txapelketa polita egiteko aukera daukat. A ver ailegatzen naizen Aimar Olaizolarengana”. Niretzako lorpen bat izango zen hori. Eta ‘a ver Aimarri kontra pixkat bat egin ahal diodan’. Inondik inora ez nuen pentsatzen Aimarri irabazteko aukera nuenik.
Final laurdenetan jokatu zenuen Aimarren kontrako partida hori. Super-txapelduna bera eta zuk baino 17 urte gehiago zituena. Berari irabazi eta gero pentsatu al zenuen txapeldun izateko aukerak zenituela?
Ba bai. Berari irabazi eta gero, noski. Azkenean, finalerditan plantatzen zara Aimar bati irabazita eta aurretik beste hiru partida irabazita. Hor pentsatzen duzu ‘ordura arte Aimar zen faborito eta irabazi badiot, beste edozeini irabazteko aukerak badauzkat’. Edozeinen kontra galdu egin dezaket baita, baina aukera potoloak dauzkat. Eta gero, partida barnean, pentsamenduak positiboak ziren beti eta alde positiboa ateratzen nion denari. Egia esan, dena fluido zihoan eta dena borobil atera zen.
Finalera iritsi arte presiorik sentitzen al zenuen?
Ez, ez eta finalean ere ez. Uste dut ez nintzela kontziente zer egiten ari nintzenaz eta orain ohartzen hasi naizela, azkeneko urteetan, pilota utzi eta gero. Pilota utzi eta bi urtetara, jendeak irabazi dituzun txapelak oraindik aipatzen dizkizutenean, zeozer inportante egingo nuela pentsatzen hasten naiz. Baina bai, ordura arte zero presio neukan eta dena disfrutea zen. Azkenean, denei koxka egin nahi nien eta denei irabazi egin nien.
Finala irabazi eta gero sekulako oihartzuna izan zenuen eta urte askotarako txapelduna bazegoela entzuten zen.
Bai, hor bai, irabazi eta segituan. Uda horretan partida guztiak jokatu nituen eta egia esan, nik neuk ez nuen asmatu punto y aparte bat egiten. Horrelako gauza bat irabazi eta gero, gorputzari asimilatzen uzten eta lortutakoa benetan gozatzen. Azkenean, sentsazio bat badaukat, pilotari izan naizen denboran ez dudala gozatu lortu egin ditudan gauzak eta gurpil hori handitzen-handitzen joan dela. Orduan, bat-batean, txapeldun izatetik udako partidak jolastera pasa nintzen, gero Lau t’erdikoa, gero Binakakoa… Oso segidako gauza egin zitzaidan eta presioa sentitzen hasi nintzen. Udaran irabazi beharra neukan, Lau t’erdikoa ailegatu zen eta behin ere ez nuen nire maila eman. Eta azkenean hori da. Pixkanaka-pixkanaka, neure buruan, ordura arte dena fluido joan zen bezala, gauzak trabatzen hasi ziren.
Finala irabazi bezain laster hasi al zen hau guztia?
Ez, ez da egun batetik bestera sortzen den gauza bat. Azkenean, zuk presioa noiz sentitzen duzu? Gaur ez eta bihar bai? Ez da hola. Baina pixkanaka-pixkanaka irabazi beharreko gauza bat sortzen da zure barnean. Ailegatzen zara eta ez zaizu ondo ateratzen. Aurrera segitzen duzu eta ez zaizu ondo ateratzen. Beldurrak sartzen dira eta pixkanaka-pixkanaka mamu horiek handitzen joaten dira.
Zure lehenengo final horretara Aramatik jendez beteriko bi autobus joan ziren. Zer garrantzi dauka pilotari batentzat bere biztanleen babesak eta zer garrantzi dauka herriarentzat bertako pilotari bat finalera iristeak?
Konparazio bat egiteagatik, futbolean edozein finalarekin konparatu leike. Azkenean, herriarentzako izugarrizko ilusioa izan da nik hor borrokan egotea eta nik uste dut herriak asko gozatu egin duela eta nire zaleek asko gozatu egin dutela nirekin. Hala izatea espero dut behintzat. Sufrimendu momentuak izan dira, baina momentu oso-oso politte izan da baita. Herria babesleku bat izan da niretzako. Egia esan, herrian oso-oso lasai eta oso-oso ondo sentitu izan naiz. Bai egon direla komentarioak pilotari buruz, baina beti lagundu naute eta beti ikusi naute Iker bezala, ez Irribarria bezala. Azkenean, zure herrian edo zuk bizitza egiten duzun herrian, zu pertsona bat bezala hartzea, nik uste dut oso-oso importantea dela. Harro nago aurreneko finalera ailegatzeaz eta hainbeste zale eramateaz. Egia esan ez naiz damutzen egindako horrekin.
Zure kuadrillako lagunak egon dira ere jokatu dituzun final guztietan eta komunikabidetan agertu izan dira baita ospakizunezko afari guztietan. Zer garrantzia izan du zuretzat kuadrillaren babes horrek?
Nik baita kriston babesa sentitu dut atzean. Ez dut uste txapelik irabazi ahal izango nukeenik bakarrik egonda. Beti animatu naute, jendea beti egon da hor eta zer gutxiago, holako ospakizun bat beraiekin egitea baino. Azkenean, bai herria, bai kuadrilla eta familia zer esanik ez, izan dira nire sostendu edo nire zutabe. Azkenean, maite duzun jendearekin zure egun inportante bat ospatzea da. Afariko bideoak agertzen dira ere, baina ez dira afari bukaerakoak. Horiek guretzako gordeko ditut (barreak).
Historiako txapeldunik gazteena izatea zama handia izan al zen?
Ez dut uste. Azkenean, gazteena izan, bigarren gazteena izan edo hirugarren gazteena izan, hori hor geldituko da inork kentzen didan arte. Hori baino gehiago, egunerokotasuna eta erreminta falta izan da zama. Hemeretzi urterekin holako oihartzuna lortzen duzunean, pixkat noraezean gelditzen zara. Eta ez dut uste noraeze hori txapeldun gazteena izan edo ez izanak sortu izan zidanik. Uste dut gazte irabazteak izan zela. Erremintarik gabe irabazteak sortu zidala zama.
Geroago coaching terapia batekin hasi zinen, baina txapelketa irabazi eta hurrengo hilabetetan erremintarik gabe sentitzen al zinen?
Hasieran ez. Beste urtebete batez emaitzak bastante onak izaten jarraitu zuten. Ni ez nintzen kontziente ez nengoela preparatuta, baina ez nengoen preparatuta. Gauza on bat etortzen denean, hori asimilatu egin behar da eta nik, urte betean, ez nuen asimilatu. Orduan, kostatu egin zitzaidan erremintarik ez neukala konturatzea. Esan dizut, 2017an Binakako txapela irabazi nuen, Buruz Burukoan ere finalera ailegatu nintzen eta emaitzak onak ziren oraindik. Baina erreminta horiek gehiago behar dituzu emaitzak hain lagungarri ez direnean. Eta emaitzak laguntzen hasi ez zirenean orduan bai somatu nuela haien falta.
2017 horretan Binakako txapeldunik gazteena izan zinen baita. Horrek ez zuen zama handiago bat suposatu, ez da?
Duela gutxi enteratu naiz Binakako txapeldunik gazteena nintzela. Hor ikusten da zenbat periodiko irakurtzen ditudan (barreak). Baina ez, hori ez zen inondik inora zamarik izan.
Eta zer suposatu zuen Binakako final hori irabazteak?
Beno, niretzako oso txapelketa polita izan zen. Asko gozatu nuena eta pixkat autolegitimatzeko ere balio izan zitzaidana. Buruz burukoa eta Binakako txapelak irabazita, ya beste gauza bat da. Ez da behin bakarrik, kasualitatez, irabazi egin duzula. Gainera, hortaz aparte, oso txapelketa polita izan zen. Dena borobil-borobil atera zitzaigun Beñat eta bioi eta buruan gordetzen dut. Gainera txapelketa horretan osaba bat zendu zen. Oso txapelketa potentea izan zen 2017ko hori.
Rezustarekin oso bikote solidoa osatu zenuten. Emaitza onak izateko, garrantzitsua al da frontoitik kanpo ere ondo eramatea?
Bai, azkenean partidaz kanpo ordu asko pasatzen dira ere. Bai entrenamenduetan, bai pilota aukeraketetan. Eta normala da Binakako txapelketetan beste batekin aritzea. Baina horrek ez du bermatzen gero ondo aterako dela. Handik urte batzuetara Beñatekin beste txapelketa bat jokatu nuen eta ez zen inondik inora ondo atera. Hortxe daukazu adibidea.
Bengoetxearen kontra jokatu zenuen finalean, berak txokotik atera zuen zenbait tantoetan. Nik ez dut gogoratzen beste inor gauza bera egiten. Normala al da hori?
Ez, normalena ez da. Baina Bengoetxea bera pilotari berezia da ere. Niretzako beti izan da, adaptatzen eta besteentzako akatsa dena ateratzen, onentsuenetakoa edo onena igual. Eta nik uste dut tanto batzuk egiteko aukera ikusi zuela hor eta dudarik gabe, asmatu zuen.
Joan den astean berrikusi nuen final hori eta nik uste dut zuk galdu zenuela Bengoetxeak irabazi baino gehiago.
Jende askok esan dit hori eta ez daukat horren arantzarik. Igual hobeto analizatu beharko nuke. Egia da nire partidarik ez dudala ikusi berriro. Ez 2016ko finala, ezta Bengoetxearen kontra jokatu nuena. Bera ere laguna dut eta behin baino gehiagotan hitz egin dut berarekin. Berak esaten du baita buruz buru inoiz jokatu duen partidarik onena izan leikela. Horrek zeozer esaten dit. Igual nik galduko nuen, igual nik hobeto analizatu beharko dut, baina Oinatzek hori esaten badu, kontuz! Nik egun horretan oso-oso fuerte ikusi nuen bera. Nik daukadan sentsazioa da, eta igual oker nago, baina ezkerrarekin, oso atzetik, altuera handia ematen zion pilotari eta benetan luzatzen zuen. Eta Oinatz bat hola dagoenean oso konplikatua da. Uste dut onena ateratzera behartu niola berak ni irabazteko.
Tenisean askotan hitz egiten da errores no forzadosei buruz. Pilotan zenbateraino uste duzu behartu gabeak direla akats horiek?
Nik uste dut akats guztiak direla forzatuak. Azkenean ez zaude etxean lasai edo entrenamendu batean lasai. Publikoa daukazu, zure soldata jokatzen ari zara, aurrean aurkari bat daukazu beti… Orduan, no forzado, no forzado… ez dakit noraino den. Nik uste dut denak dutela forzado puntu bat. Hortaz aparte, zu horretarako entrenatzen zara baita,situazio hori etxeko egin eta situazio horretara ohitzeko. Baina pilotan ere denetik dago, tenisean bezala edo bizikletan bezalaxe, ez? Kirola limitera eramaten duzunean, askotan forzatu gabekoa dela ematen du, baina, hor goian zaudenean, beti zaude makina forzatutarekin. Nik uste lasai ez dagoela inor.
Zer suposatu zuen zuretzat final hori galtzeak?
Ba momentuan ezer ez. Ez dut gogoratzen zer sortu zidan. Eta esango dizut, geroago, benetan baloratu egin nuela ere finalan egon izana. Ez da erraza final batean egotea eta holako Bengoetxea batek asko kostata irabazi zuen. Izugarri ondo bait zegoen Oinatz eta benetan final horri balorea eman nion. Baina gerora asko leporatu izan didate final hori nik galdu izana Bengoetxeak irabazi baino gehiago. Eta hori aditzeak bai sortu dizkit dudak.
Erremintarik ez zenuela esaten duzu, baina oso azkar erreakzionatu zenuen, hurrengo urtean coaching sesioak hartzen hasi bait zinen eta hogeitabat urte besterik ez zenituen.
Eta ez da hori bakarrik. Kontutan hartu baita, pilotan, psikologo edo coachingeko figura hori ez zela ikusten edo ez zen aipatzen. Nik aipatu egin nuen eta onartu egin nuen erreminten falta neukala eta hori oso puntu positiboa da. Baina, azkeneko bi urteetan, nahiz eta bi urte oso-oso intentsoak izan diren, hor sortutako kalte guztiei gero berriro buelta ematea asko kostatu zitzaidan.
Zer arlotan izan ziren intentsoak bi urte horiek?
Denetan. Bai fisikoki, bai emozionalki. Azkenean, goi mailako kirolaria izateak beti uzten du faktura inportante bat bizitzan. Eta horretaz gain, txapela irabazteak eta bi urtetan hiru final jokatzeak, hainbeste partida eta hainbeste exigentziakoak jokatzea… ba nik uste dut alde horretatik izan zela. Bai arlo fisikoan eta bai mentalean.
Zer punturaino askatasuna izan duzu zenbat jolasten zenuen hautatzeko eta zer punturaino enpresak exijitu izan dizu?
Beno, enpresak beti exijitzen dizu, bai irabaztea, baina batez ere beti konpetitibo izatea. Enpresari, segur aski ez zaio komeni zuk beti irabaztea. Komeniko zaio batak edo besteak irabaztea, publikoa erakartzeko. Hori bai sentitzen duzula. Denek zuk beraien herrian jokatzea nahi dutela. Eta zuk ere bai, harantz joan eta maila eman nahi duzu. Eta ez da erraza, ez? Beti esaten da zenbat sortzen dituen norberak bere beldurrak. Kanpoan entzundakoa utzi eta zuk zurea pentsatu. Hori errazena da, baina zer erremintak dauzkazu kanpokoak kanpoan utzi eta barrukoak barruan uzteko? Nire buruan, kanpoko perspektiba horiekin eta kanpoko espektatiba horiekin bai pasatu nituela nireak eta hor bai asko sufritu nuela.
Hogei urterekin oso normala izango zen aurrera jarraitu eta ahal zenuen bezala aguantatzen saiatu izan bazina. Gainera pentsaera oso euskalduna da hori.
Bai, uste dut euskaldun gizonoi laguntza eskatzea asko kostatu egin zaigula. Niretzat pauso inportantea izan zen, baina baita ere hasieran lotsa handiarekin eman nuen pauso bat. Nik hogei urteko nire kuadrillako lagunek zeuzkaten arazo berdinak neuzkan, gehi pilotak edo kirol profesionalak sortu zizkidanak. Pentsa, zer puntutara ailegatu nintzen pauso hori emateko. Gero erabat harro nago pauso hori emanagatik eta ‘honaino!’ esanagatik, baina momentuan oso-oso gogorra izan zen.
Coaching hartzeak hasieratik lagundu al zizun?
Bai, bai. Ez dut uste inorentzako kalte denik. Gero, mundu horretan sartzen zarenean, onena igual ez da aurkitzen duzun lehenengoa. Saiatu behar zara, gauza batzuk probatu… Norbera era adaptatu egin behar da. Azkenean, pertsona batekin probatzen duzu, beste pertsona batekin, teknika batekin, beste teknika batekin eta azkenean, asmatu genuela ematen du. Pausoa ematea kosta zen, baina beno, gustora nago egin dudanarekin.
Zaletuak askotan ez dira kontziente presioa sortzen dutenik. Oso handia al da presio hori?
Beno, zaletuena bai eta etxekoena ere bai. Nik presio asko sentitu izan nuen, baina kontziente naiz baita ere, zale baten, guraso baten edo anai-arreba baten helburua ez dela zuri presioa sartzea. Badakite hori kaltegarria dela zuretzako, baina, ez naiz teknikaria eta ez dakit zehazki nola esan, baina askotan, lagundu nahi horretan, egindako komentario batek edo esandako gauza batek, sortzen duena bucle bat da. Eta nik badakit nire ingurukoek sartu didatela niri presiorik handiena edo haiengatik sentitu dudala, baina badakit ere haiek izan direla inkontzientenak eta haiek izan direla beti laguntzeko prest egon direnak. Eta benetan gero berretsi dut, momentu gogorrenetan, haiek izan direla lagundu nautenak. Orduan, sentitzen duzun hori, ez dakit bakarrik zaletuena, etxekoena, zurea edo enpresena den. Ez da erraza deszifratzen. Azkenean, konjunto luze bat dela uste dut nik.
Enpresak ez zizun inongo problemarik jarri coaching hartzen hasteko, ez da?
Ez, ez. Egia da enpresan komentatu nuela, baina ez zidaten inongo problemarik jarri. Horixe bakarrik falta zen, ez da?
Pilota mundu nahiko kontserbadorea delako galdetu dizut. Hori da behintzat kanpotik somatzen dena.
Bai, bai, beti esaten dute pilota oraindik ‘en el año de la alpargata’ dagoela. Baina gaur egun kirol guztietan gauza bera ikusten da. Adibidez, tenis jokalari bakoitzak bere coach dauka, futbol talde bakoitzak bere coach edo psikologoa dauka baita… Azkenean, osasun mentalak kirolari batentzat zer importantzia daukan demostratu da eta nik uste dut ezin dela arazo edo oztopo bat izan. Zuk gauza bat hobetzea nahi baldin baduzu eta aurretiko jarrera bat erakusten baduzu, errendimendu hortarako arazo bat jartzea ez dut uste ona denik. Enpresak hasiera-hasieratik oso ondo zegoela esan zuen eta ya está.
Beste pilotarientzat ate bat ireki zenuela uste al duzu?
Beno, ez dakit ate bat irekitzea izan al den. Nik nire atea ireki egin nuen eta nire leihoa zabaldu egin nuen, a ver hemendik nola ateratzen nintzen. Baina bai, tabu hori hautsi genuen eta joan egin zen. Orain badakit pilotari batzuk hortan ibiltzen direla eta nik uste dut danak egin beharreko lanketa bat dela.
2019an Buruz buruko txapela bigarren aldiz irabazi zenuen. Indar mentalak emaitza onak ateratzen laguntzen al du edo emaitza onak ateratzea da mentalki ondo egoteari laguntzen diona?
Ez da bata edo bestea. Uste dut norberak emaitzak ikusteko, benetan ondo sentitu behar dela eta benetan ikusi behar dela gauzak ateratzeko aukera dagoela. Baina emaitzak ikusi behar dira baita. Azkenean, nahiz eta zu benetan fuerte sentitu, zaplaztekotik-zaplaztekora bazoaz, zaila da horri buelta ematea. Nik uste dut pixkanaka-pixkanaka eraikitzen joan behar den gauza bat dela. Ni fuerte sentitzen nintzen, gauza asko landuta eta beste mila gauza lantzeko. Eta beno, nire inguruan, etxe aldean, gauzak hobeto zeudela sentitzen nuen baita. Beste bake bat sentitzen nuen barnean. Baina gero gauzak ondo ari zirela ateratzen ikusi egin behar nuen baita benetan hori berresteko.
Orduan, batzuek esaten dute ver para creer eta besteek creer para ver, ez? Ez dut uste bata edo bestea denik. Emaitzak ikusi egin behar dira eta horrekin eraikitzen segi. Eta nik uste dut sinistu egin behar dela. Baina, ez baldin badituzu emaitzak ikusten, noiz arte sinistu behar duzu, ez da?
Urte horretan, final laurdenetan Altunari irabazi zenion. Hiru urte lehenago Aimarren kontrako garaipena txapelketa irabazteko aukerak zenituela pentsatzera eraman zizun bezala, urte horretan Altunari irabazi eta gero sentsazio bera izan al zenuen?
Ba izan daiteke. Aurreko partida, Víctorren kontra, juxtu-juxtu irabazi nuen, partida txarra jokatuta. Eta momentu horretan liberazio bat izan zen. Aurreneko partida Buruz buruko Txapelketako zailena da, galtzen baduzu etxera zoazelako eta zure hilabetetako lanak hortxe gelditzen dira, ez? Eta Victorren kontra irabazi eta gero, lasaiago joan nintzen Jokinen kontra. Azkenean, Altuna txapelduna zen eta pentsatzen nuen ‘berak dauka presio guztia’.
Nik, aurreko urtean, Ezkurdiaren kontra galdu nuen. Kriston egurra eman zidan Ezkurdiak, beraz, ez nuen ezer galtzeko. Orduan, lasai joan nintzen. Ordurako, etxeko lanak, psikologiko eta mentalki, ondo zeuden eta kriston partidua atera zen. Orduan bai, nire maila gorena atera nuen eta lasai gelditu nintzen. Ordura arte ere banekien Jokini irabazteko kapaz nintzela. Azkenean, nik ere bai txapela aterata neukan. Baina ez nekien urtea hori al zen, gauza fluitzen hasi behar al zen edo oraindik blokeo mental horretan nengoen. Hor ikusi nuen ezetz eta gero, beste bi partiduak irabazi nituen eta berriro txapela lortu. Baina bai, berriro kandidatu serio nintzela pentsatzeko momentua izan zen.
Eta zer garrantzi dauka zuretzat bigarren txapel horrek?
Ba niretzako aurrenekoa baina inportanteagoa izan da eta balio gehiago dauka. Aurrekoa holaxe joan zen, de sopetón esaten dena eta ez nion benetan zeukan balioa eman. Konturatu gabe irabazi nuela esan daiteke. Baina gero, atzetik dagoen lanketa ikusi nuen eta bigarren finala irabazi nuenean bai izan nintzen kontziente. Ostras! Honen atzetik zenbat lan dagoen, zenbat sufrimendu dagoen eta zenbat kostatzen den final batera ailegatzea. Eta orduan, nik uste dut jendea aurreneko horrekin geratzen dela, baina nik bigarrengoari ematen diot balorea.
Zer ezberdintasun dago pilota afizionatu mailan eta profesional mailan gozatzen den moduen artean? Ez dakit 2019ko txapelketa horretan gozatu al zenuen.
Bai, gozatu nuen gauzak ondo atera zirelako. Bestela, kontziente nintzen ordura artekoa sufrimendua izan zela baita. Azkenean, nik esaten nuen, zer egin dut hona ailegatzeko? Niri pilotan jokatzea gustatzen zait, niri ez zait gustatzen ez prensa…
Eskerrik asko! (Andoni Lubakik hitza hartzen du)
Ez, ez (barreak).
Niri ez zait gustatzen geroago kritikatua izatea. Ni hona disfrutatzera etortzen naiz eta gainera ez dut disfrutatzen. Orduan, agian zure afizioa dena, zure ofizioa bihurtzen da. Azkenean, dirua irabazten duzu horrekin eta pentsatzen hasten zara: ‘kobratzen dudalako egiten dut hau dena. Bestela ez nuke egingo’.
Zer momentuan sentitzen hasi zinen pilota zuretzat ofizio bat zela?
Ba beno, hasteko, ya debutatzen duzunean arotik sartzen zaizu eta gero, finala irabazita, esaten duzu ‘ostras! ba nik minak dauzkat’.Eta azkenean, esaten den bezala, vas forzando la máquina. Eskuetako mina dela, gerriko mina dela edo kontraktura bat dela eta jokatzera behartuta zaude. Azkenean esaten duzu ‘nik minik gabe jokatu nahi dut’. Horretan hasten zara eta ez diozu balore bera ematen. Eta, pixkanaka-pixkanaka, bola handia egiten hasten da.
Gogoratzen dut, Gravesen Real Madrilen zegoenean, zenbait tratamendu ez zituela onartzen lesio batetik sendatzeko. Pilotan presio hori al dago ere?
Ez dut uste hainbesterako denik. Real Madril barrutik ez dut bizi, baina mugitzen duen diru kopurua eta presioa ez dut uste pilotarekin konparatu daitekeenik. Baina azkenean kinka larrian jartzen zaituzte. Zuk zure onena eman nahi duzu ere bai, momentu batzuetan denbora gehiago behar duzula uste duzu eta igual ez dago. Txapelketako datak jarrita egoten dira, askotan ez dago denborarik atzeratzeko eta horrek askotan nahi ez duzun gauza bat egitera bultzatzen zaitu. Baina ez dut uste alde horretatik doanik. Benetan lesio bat baldin badaukazu, lesio grabe bat, nik uste dut pilotan errespetatzen dela behar den denbora. Uste dut ez dela konparable Real Madril batean pasa daitekeen presioarekin.
Inoiz inporta izan al zaizu pilotaren historian sartzen zinen lekua?
Ez. Egia esango dizut. Nahiko lana banuen nire bizitza egiten eta nire kakao mental guztia asimilatzen. Nire helburua ez da izan, inondik inora, pilotaren historiako zeozer izatea. Justu kontrakoa. Alde horretatik nahiko lotsatia naiz eta ezkutuan pasatuz gero, hobeto.
Eta ez al zinen Retegi, Aimar edo Irujorekin konparatzen?
Ez. Eta gainera neure burua ez dut ikusi haien pare, inondik inola ere ez. Gure aurretik garaia markatu dutenak Irujo eta Aimar izan dira. Dudarik ez daukat. Eta ni ezin naizela beraiekin konparatu iruditzen zait. Igual final batean bai, baina haiek urte asko egon dira urtero-urtero finalerditan edo finalean, beti txapelaren inguruan eta nik ez dut hainbeste meriturik egin horrekin konparatzeko. Denboraz bakarrik, askoz gutxiagoz egon naiz pilota munduan. Azkenean, zortzi urte egin ditut profesional bezala. Bat bigarren mailan, gero pandemia garaia tartean ere bai. Uste dut denborarik izan ez dudala haiek egin zuten bezala garai bat markatzeko. Eta, inondik inora, ez da nire helburua izan.
Perspektiba hori kontutan hartuz, zer garrantzia izan zuen zuretzat 2019an galdutako Binakako finalak?
Beno, egun horretan finala ez zen nahi bezala atera. Beti bezala, nire inguruko guztiekin ospatu egin nuen eta gero Buruz buruko Txapelketa on bat egin eta txapela berriro jantzi nuen. Uste dut garrantzia, galtzea baino gehiago, 2018an ez bezala, 2019an berriro konpetitibo sentitzea eta berriro neure burua finaletan ikustea izan zala.
Lau t’erdiko Txapelketetan frontoia txikiegia egin al zaizu? (barreak)
Ez dakit txikiegia zehatzena den. Neurriak ezarrita daude eta egia da ez naizela batere eroso sentitu modalitate horretan.
Galdera hau sekulako ezkerkada daukazulako egiten dizut, asko entzun izan duzu hori, seguru. Baina, aurrelari bezala, pilota nahi duzun lekuan jartzeko kapaz ba zara baita ere. Izkinak bilatzeko, bi paretak jokatzeko…
Bai, baina gero nire kolpe estiloa asko luzatzekoa ba da eta aurre motz horretan potentzia pixkat behar nuen. Bolearekin eta igual bai, baina nire kolpea beti gora jotzekoa zen eta segituan pasatzen nintzen lau t’erditik. Hortaz aparte, uste dut, lau t’erdi baterako, eskubiko bolea oso inportantea dela presioa sartzeko eta nire kasuan, arma hori ez dut inoiz eduki eta asko kostatu izan zait defenditzea baita. Horregatik uste dut, osotasunean, ez diodala errendimendu handirik atera lau t’erdikoari.
Pena bat al da Lau t’Erdikoa irabazi ez izana?
Ez, ez da pena bat. Pena bat da hor blokeo bat eduki izan dudala eta lau t’erdian ez dudala eman, inondik inora, nire maila. Entrenamendutan eta neure burua ikusi dut, ez dut esango Txapelketa bat irabazteko moduan, baina bai publikoari eman diodan maila baino askoz altuagoa emateko. Konpetitibo sentitu izan naiz eta gero partida egunetan ez naiz berdin sentitu. Horrek ematen dit pena, ez txapel bat irabazi edo ez irabazteak. Bai gelditu dela hor ‘lau t’erdirako ez zuen balio’ sentsazio hori. Uste dut ez zela nire fuertea eta gehien kosta egin zaidan modalitatea izan dela. Binakakoa jokatu eta hurrengo astean, buruz buruko partida bat bazegoen, nik lasai nindoan, banekielako nire maila emateko gai nintzela. Baina lau t’erdian preparazio luze bat behar nuen eta gero gauzak ondo ateratzea. Ez zitzaizkidan ondo atera eta ez nuen lortu egoera horri buelta ematen. Horren penarekin gelditzen naiz.
Noizbait txirrindulariak inbidia ematen dizutela entzun dizut, egun txar bat izatea onartzen zaielako. Pilotan hori ez al da onartzen?
Uste dut pilotan egun txar bat izanez gero kanpora zoazelako egin nuela konparazioa, ez daukazu etapa bat irabazteko aukerarik. Batez ere Buruz burukoan. Orain modalitatea aldatu dute eta ligaxka bat egiten da, baina zu horretarako preparatzen zara eta ez bazaizu ateratzen, hori hor gelditzen da. Txirrindulariek, adibidez, etapa gogor batean ez badute maila ematen, pájara esaten dena eman diola esaten da. Nik uste dut onartuago dagoela. Gero gorputza limiteraino eramaten dute eta hori beste gauza bat da, baina uste dut hobeto onartzen dugula txirrindulari bati buelta haundi bat gaizki ateratzea, hala izan behar delako. Beste kirol batzuetan, ez pilotan bakarrik, futbolean edo saskibaloian, emaitza nahi dena ez baldin bada, kritikagarrikotzat jotzen dela, ez? Eta inbidia ematen dit egun batean partida txarra jokatu eta denok ulertzea. ‘partida txarra jokatu du eta ez zaio ezer gertatzen’.
Hitz egin al duzu zure lehengusuarekin kirolariak jasaten duzuen presioari buruz? (Bere lehengusua Aritz Elustondo da, Realeko jokalaria)
Bai, Aritzekin hitz egin izan dut, bai nire momentu gogorretan eta bai bereetan ere. Lehengusuaz gain, lagun kontsideratzen dut ere. Baina azkenean, ez dut uste kirol berdinak direnik, ez dut uste ezta inongo antza dutenik. Berak ere badakit asko dakien jendearekin lantzen dituela benetan inporta diren gauzak eta badakit baita berak %100 ematen duela futbolagatik. Orduan, ba ni lasai nago. Onena opa diot eta ea urte asko irauten duen hor goian.
Kanpotik behintzat, presioa axola ez zaion gauza bat dela antz ematen du.
Bai, kastako mutila da. Baina zelaira ateratzea eta daukan guztia ematea ez da aparteko gauza bat, ez? Lortu duen guztia landutakoa da eta nik badakit momentu onak eta txarrak pasa egin dituela eta segi dezala momentu onak eta txarrak pasatzen. Hori da inportantea.
Pandemiako urtea zuretzat urte nahiko txarra izan zen, ez da?
Bai. Beno, denontzako txarra izan zen. Etxean sartuta egon ginen eta ez zen inorentzako xamurra izan. Ni, ustez lasai nengoen, igual-igual jarraitzen nuen lanketarekin. Etxean entretenituta nengoen eta gauzak ondo joaten ari ziren. Ahal bezain ongi behintzat. Baina bai, gero Buruz burukoa eta Binakakoa ez ziren ni nahi bezala joan eta egia esan, pena bat daukat horrekin.
Pilota, publikoa barne izanda partidetara bueltatu zen lehenengo kirola izan zen. Baina gero greba bat egon zen beste enpresan, pandemia eta gero zeukaten lan baldintzekin zerikusia zuena. Zuek ez zineten greban sartu, baina, nolabait, elkartasuna adierazi zenieten zuen lankideei.
Bai, azkenean, kontuan hartu pilotan bi enpresa direla eta oso situazio arraroa dela. Guk, pilotari bezala, esfortzu handia egin behar izan genuen gure enpresarekin ados jartzeko. Publikorik ez zegoela eta momentu horretan, diru-sarrera hori ez zela existitzen kontziente ginen. Ezin genuena, guk kobratzen genuena kobratzen jarraitzea zen eta adostasun batera ailegatu ginen enpresarekin. Gure kalterako, baina beno. Azkenean, guk mundu horretatik atera nahi genuen baita eta pixkat jokatzen hasi. Berriro erritmoa hartu eta pixkat normaltasun batera bueltatu.
Eta besteek… Ez dago alderatzerik. Konparatzen hasiz gero guk askoz hobeto geunden. Guk hitz egin genuen, negoziatu genuen eta gu behintzat, pertsonak bezala tratatu gintuzten eta besteak ez. Guk hori ez genuen nahi ezta. Baina jokatzen baldin ba genuen, haiei kalte egiten genien eta beno, gure egoera ametsgaizto bat izan zen, egia esanda. Oso gaizki pasa genuen pilotari denok, guk kulparik ez bait genuen eta kritikatzen ziguten. Eta guk, gure enpresakin akordio bat eginda genuen, gure kalterako. Oso, oso momentu beltza izan zen denontzat. Baina beno, handik zeozer ikasiko genuke.
Arazo horrek guztiak pilotari kalte egin al zion?
Bai, momentu kritikoa izan zen. Eta, uste dut, pilotariek karta guztiak mahai gainean jarri genituela eta ez dut uste episodio polita izan zenik ez enpresarentzako eta ez pilotarientzako. Nik uste dut denok atera ginela kaltetuak. Hala ere, lan baldintza duinagoak, ez duinak oraindik, baina duinagoak bai, lortu genituen. Eta beno, ea pilotarien elkartasun horrek eta pilotarien batasuna luze irauten al duen.
Lan baldintzak oraindik duinak ez direla pentsatzen al duzu?
Beno, pilotan hobetu daitezkenak eta hobetu beharko litekeen gauza asko daude. Nik uste dut gauza asko dagoela hor, baina enpresa kontuetan sartzen zara eta beste edozein enpresatan logikoak diren gauzak, pilotan ez da hola. Zenbait gauzak aldatzea kosta egiten da.
2020an baita, enpresak Binakako Txapelketatik kanpo utzi zintuen. Nola bizi izan zenuen momentu hori?
Ba oso gaizki. Kriston kolpea jaso nuen. Uste dut nik ez nuela Txapelketa osoan mailarik eman, inondik inora, eta nire mailaz kanpo ibili nintzela, baina baita enpresak ez lukeela egin behar izan eta benetan erabaki txarra eta lotsagarria izan zala enpresaren aldetik. Oso momentu gogor bat bezala gogoratzen dut. Zeinekin nengoen eta non nengoen hots egin zidatenen gogoratzen dut, baita nola pasa nuen astea. Nik uste dut pilotaren munduan edo kirolari profesional gisa pasa dudan momenturik gogorrena izan dela. Sentsazioa bakarrik… Baloratuta ez izatearen sentsazioa eduki nuen eta ez diot inori opa.
Hala ere, hurrengo partiduan, zure kideak animatzera joatea erabaki zenuen. Komunikabideetan asko goratu egin zen zure keinu hori.
Egia esan, hala sentitzen nuen. Zuk pentsa, hamahiru aste gogoz, ez? 2017an dena perfektu atera zen bezala, urte hartan, Beñatekin, ez zen ezer ondo ateratzen. Saiatzen ginen eta ez zen ezer ondo ateratzen. Gauzak aldatzen, gauza berriak probatzen hamahiru aste egon ginen elkarrekin. Azkenean, hor bikote bat sortzen da eta azkeneko partidan, oraindik pasatzeko aukerak zeudela eta Danel Elezkanok nire partez jokatu zuela, ba Rezusta pasatzea nahi nuen, nire bikotea izan zelako. Horixe opa nion eta zer gutxiago, frontoian azaldu eta beraiekin egotea baino! Ez dut uste behartuta egin nuenik. Benetan sentitzen nuen Beñatengatik egin behar nuela. Eta gero bai, ondo idatzi zen keinuari buruz, baina nik Beñat laguntzeko egin nuen eta egin behar nuela sentitzen nuelako.
Asko hitz egin dugu zure arazo psikologikoei buruz, baina horrelako egoeratan arazoei aurre eginez oso indartsu zarela erakusten duzu ere.
Beno, aste hori nahiko gogorra izan zen eta egoerari laguntza handiarekin aurre egin nion. Aurre egiten ziona ni izatea nahi nuen eta ez egoera niri. Orduan, saiatu nintzen ni ere bai buelta ematen asuntuari, beste toki batetik heldu eta agarrar el toro por los cuernos esaten dena egiten. Nik hainbeste legitimitate eta hainbeste balore badauzkat nire arazoei aurre egiteko. Bueltak eman nizkion horri eta azkenean, hori izan zen atera zena. Igual arazo normalak izango ziren, momentu batzuetan depresio puntu bat eduki ahal izan nuen, normala den bezala, baina beste aldetik, arazo guzti hoiei aurre egiteko gai izan naizela ikusten dut ere bai eta hori baloratzen dut baita ere.
2021ean beste ebakuntza bat pasa zenuen, belaunean oraingoan. Noiz hasi ziren belauneko arazoak?
Ba betidanik izan ditut eta inoiz ez didate ezer argirik esan. Txikitatik sentitzen nuen mina belaunetan, baina haztzen ari zarela eta holakoak esaten zidaten. Urte horretan ya mina nahiko jasangaitza zen. Hasieran betikoa esaten zidaten, baina arazoa geroz eta larriagoa zen eta ailegatu zen momentu bat non sufrimendua ezin nuen jasan. Orduan, beste espezialistengana joatea erabaki nuen eta garbi neukan zer arazo zegoen.
Rotula bipartita zela irakurri dut. Zer da hori?
Ba errotula bi zatitan neukala.
Baina hautsita?
Bai. Jaiotzez edo ez dakit. Eta beno, azkenean hori diagnostikoa da, besterik ez. Arazoa mina zegoela zen. Rotula bipartita minik gabe edo minarekin izan daiteke. Nik mina neukan eta horrek ez zidan entrenatzen uzten. Partida baten ondoren hiru edo lau egun pasa behar nituen deskantsatzen, bizikleta estatikoa egiten eta azkenean, egoera hori ez zela jasangarria uste nuen eta etikoki ere, ez zela normala. Pertsona batek 35-40€ pagatzea sarrera, nik ezin nuenean behar bezala entrenatu… Ba nik ere lasaiago gelditu nintzen.
Ezagutzen al duzu Agassiren Open liburua?
Bai, bai. Irakurri det.
Zure historia kontatzen zenuen bitartean liburu hori etorri zait burura. Lagungarria izan al zen zuretzat?
Bai. Oso identifikatuta sentitu nintzen. Azkenean, norberak bere istorioa dauka eta ez dugu pertsona bat biktimizatu behar, baina ikusten duzu ez dela zuri bakarrik pasatzen zaizun gauza bat. Ia gehienei pasatzen zaien gauza bat dela eta mina oso lagun txarra da. Denbora gutxirako txarra bada, pentsa denbora askotarako.
Uste al duzu kirol profesionalak, era batean, behartzen zaituela mina jasatera?
Bai. Kirola gorputzerako oso ona da, baina profesionala oso txarra da. Nik lasai bizi nintzela pentsatzen nuen, baina orain da lasai bizi naizenean. Gaur egun, lio baldin badago, ez naiz kirol egitera joaten. Hurrengo egunean joango naiz eta ez daukat behar hori. Nik uste beharrak txarrak direla. Hurrengo astean partida daukazunean eta badakizunean ostirala arte egongo zarela ia ibili ezinda, ba burua jaten hasten zara, minarekin entrenatzen… Eta hori, momentu puntual batean eraman daiteke, baina luzaroan ezin da eraman.
Belauneko ebakuntzak zeozer hobetu al zizun?
Bai, bai. Momentuan hobetu zidan eta egia esan, sei, zazpi hilabete oso onak pasa nituen. Belaunean minik gabe eta berriro gozatzen. Baina handik pixkatxora minak berriro etorri ziren. Espezialista onenera joan nintzen eta asuntua txarra zegola esan zidaten.
Eta zer momentutan esan zizuten kirol profesionala uztea aukerarik hoberena izan zitekeela?
Ba ez dakit zenbat medikuengana joan nintzen. Ekografia eginda, konsultatu eta aurrenekoak esan zidan ‘nik ez diot soluzio onik ikusten. Oraindik bizitzarako ondo eduki dezakezu, baina kirolarako, ahaztu’.
Hasieratik hori esan al zizuten?
Bai, operatu eta urte eta erdira berriro minakin joan nintzen eta hiru, lau medikuek berdina planteatu zidaten. Birplanteamendu horrekin, aurreneko zaplaztekoa jasotzen da. Bigarrengora joaten zara ea zer esaten didaten eta berdina. Eta hirugarrenak berdina, laugarrenak berdina eta hor pentsatzen duzu horixe dela.
Suposatzen dut zure buruarekin borroka bat izango zenuela kirola uztea aukera bakarra zela onartzeko.
Ez da elekzio bat, gauza bat edo bestea aukeratu behar duzula. Ez neukan ezer aukeratu beharrik. Azkenean, denek berdina planteatzen baldin badizute, aukera bakarra kirol profesionala uztea da.
Baina ez dago erresistentzia bat hori onartzeko?
Bai, bai. Baina hotzean pentsatuta eta planteaketa psikologikoa eginda, pentsatzen duzu ‘ez daukat beste aukerarik. Utzi egin beharra daukat bai edo bai’. Gero onartzearen lana etortzen da. Hori bai, hori ba da zaplazteko haundia eta kostatu zitzaidan. Egia esan, publiko egin baino lehenago, hiru, lau hilabete pasa nituen medikuekin. Galdetzen, informatzen…, enpresarekin harremanetan baita ere.
Enpresak problemarik gabe onartu zuen, ez da?
Bai. Enpresak onartu zuen eta egia esan, nire bukaera oso-oso ondo eraman zuen. Akordio batera oso erraz ailegatu ginen eta alde horretatik ezin naiz inondik inora kexatu enpresak eduki zuen konportamenduarekin. Eta hori bai izan zala dolu prozesu bat. Ordura arte pilotan jokatzen bakarrik nekien.
Beno, ingeniaria ba zinen.
Bai, bai, ingeniaritza ikasketak egin dituzu, baina ez duzu lanik egin ingeniari moduan. De perdidos al rio esaten den egoeran zaude berriro. Ezer gehiago egiten ez nekielako sentsazioa neukan. Eta bai, gauzak egin ditut eta ondo moldatu naiteke edo ez. Baina ordura arte, zure bizitza guztia egon zara astea astebururako preparatzen eta bat-batean, asteburuan ez daukazu ezer egiteko. Astea pasatzen da eta zeure buruari galdetzen diozu ‘eta orain zer? Zein da nire helburua?’. Eta zaila da berriro helburu batzuk sartzea.
Oraintxe bertan kirola egiten dut, belauna mindu gabe, noski. Bizikletan ibiltzen naiz eta batez ere, gorputza eta belauna zaintzen. Eta gero ere, beste helduleku inportante bat daukat. Alaba bat daukat eta berarekin denbora pasa egon nahi dut. Kirolan ibiltzeak denbora asko kendu dit eta nire alabari eskaini nahi diot ahal dudan denbora gehiena eta pixkat bere gainean egon. Egia esan, orain arte ez naiz aspertu.
Familiak zure erabakia nola hartu zuen?
Ba familiak, batez ere nire etxeko nukleoak, oso ondo hartu zuen. Gertatzen zitzaidanaren jakitunak baziren. Partida bat eta gero, hurrengo egunean kafe bat hartzera etortzen ziren edo ni beraien etxera joaten nintzen eta nola nengoen ikusten ninduten. Partida jokatu eta hurrengo egunean, nik ezin nituen etxeko eskailerak jaitsi nire alaba besotan nuela. Bi eskuak behar nituen laguntzeko. Nire errealitateaz kontziente baziren eta beraientzat ere arindura bat izan zela uste dut. Azkenean, zuk zure anai-arreba, zure bikotea, zure semea hola sufritzen ez duzu ikusi nahi, pilotari profesionala, Espainiako presidentea edo edozer izanda. Benetan maite duzuna ez duzu sufritzen ikusi nahi eta nik uste dut haientzat pena bat izan zala. Baina, beste alde batetik, ‘orain berarekin gozatu dezakegu’ pentsatuko zuten. Oso ondo hartu zutela uste dut.
Eta zaletuen artean?
Ba zaletuena zailagoa da. Askok pena handia izan dute. Gero transmititu izan didate hori eta benetan eskertzen dudan maitasuna da hori.
Agurreko partida nola gogoratzen duzu?
Beno, emozioen Dragon Khan bat bezala. Egia esan, azkeneko lau, bost hilabetetan agurrean pentsatzen nengoen eta pixkanaka-pixkanaka asimilatzen joaten zara. Lan handia egin nuen psikologoarekin, meditazio asko. Askotan pentsatu nuen nola nahi nuen partida izatea eta uste dut oso ondo atera zela. Jende asko hurbildu zen, izugarrizko maitasuna eta goxotasuna erakusten. Bai pilotariak, bai enpresako kideak… eta joe, niretzat hori oso-oso polita izan zen. Lehen esan dut eta ez naiz gai izan azkeneko partida berriro ikusteko. Bi aldiz hasi naiz ikusten eta oraindik ez nago prest. Baina egun kuriosoa izan zen. Uste dut bizitza guztian akordatuko naizela egun horretaz.
Momentuan zure azkeneko tantoa asko aipatu zen eta amaiera oso zinematografikoa izan zela uste dut. Zure nortasun-ikurra izan den zortzira eraman zenuen pilotakada batekin bukatzea.
Bai, polita da. Horri nik ez diot inportantzia handirik eman, baina jende asko ideia horrekin gelditu da. Azkenean, ohore bat da jendeak hola gogoraraztea, pilotakada horrekin nor izan naizen gogoraraztea eta horrekin gelditu nahiko nuke. Nik nire bidea jarraitu behar dut. Oihartzun bat utzi dut eta oihartzun hori zeozer positiboa eta ona izateak pozten nau. Azkenean, bukaera guztiek pasa beharreko dolu bat daukate, baina dolu hori nola pasatzen duzun alde bat badago eta holako gauza politekin geratzea, niretzako oso-oso gustukua da.
Non gordetzen dituzu irabazitako txapelak eta zer garrantzia dute zuretzat?
Txapelak ama eta aitaren etxean daude. Han utzitako lekuan. Gainera ez dut uste fisikoki inongo garrantzirik dutenik. Etxera joan eta umearekin txapelak dauden gelara igotzen naizenean igual galdetzen dit ‘aita, hoiek zer dira?’. Baina ez dut uste horrek inongo garrantziarik daukanik. Zer eman didaten ez zait inondik inora ahazten. Zer sortu den nire inguruan, zenbat gozatu duten nire familiakoek… eta horrekin gelditzen naiz. Txapelak buruan zintzilik dauzkat eta hori askoz inportanteagoa dela uste dut. Azkenean, txiki-txikitatik trofeo pilo bat dauzkat eta benetan alde fisiko horri garrantzia kendu nahi diot. Ikusten ditudanean, bat-batean etortzen zait holako subidoi bat, baina beno… han dauzkat ezkutuan.
Zein sentitzen duzu dela pilotako historian daukazun lekua? Ez zure ustez daukazuna, baizik eta prentsa edo zaletuek sentiarazten zaituena.
Ez dut sentitzen lekurik daukadanik.
Beno, nahiko garrantzia badaukazu.
Baina kirola, onerako eta txarrerako, oso efimeroa da. Irabazi nuenean izugarrizkoa izan zen bezala, zeozer historikoa eta holako oihartzuna izan zuena, gero segituan pasatzen da ere. Eta bizitza ere horrelakoa dela uste dut. Oraintxe kristona eta oraintxe ezer ez. Eta uste dut asko apaldu dela nire oihartzuna, inguruan behintzat nik ez dut sentitzen holako ezer. Badakit zaletu askok gogoratuko nautela eta hala izatea nahi dut, ez dut nahi ahaztea. Hala izatea espero dut (barreak). Baina ez dut sentitzen lekurik daukadanik. Askok gogoratzen naute txapela irabazi zuen pilotari gazteena bezala, baina hori baino gehiago, lehenago esan duzun bezala gogoratzen banaute gustatuko litzaidake. Pilotari zintzoa, jantzia, telebistan itxura egokia zaintzen duena, greba garaian bere kideengatik gauza positiboak egin zituena… Nahiago dut hola gogoratzen banaute.
Aupa Iker, aurretik bizitza osoa daukak. Gozatu.